abilki

abisiniarrak

Hasiera: Jakingarriak & ODG (Ohiko Diren Galderak)

Behean ODG hauen erantzunak daude (gris kolorea oraindik dutenei apurka erantzuna emango diegu):

Galdera IkurraGaldera IkurraGaldera IkurraGaldera IkurraGaldera IkurraGaldera Ikurra

  1. Zeintzuk dira kalekatu eta arrazadun katu baten arteko ezberdintasunak? >>
  2. Zer da etxe katutegi edo etxe katu-haztegi bat? >>
  3. Zergatik dendetan ez? >>
  4. Zergatik da pedigria eskatzea horren garrantzitsua? >>
  5. Froga Genetikoak Zergatik? >>
  6. Abisiniarren ezaugarriak zeintzuk dira? >>
  7. Somaliar eta Abisiniar katu arrazen arteko ika-mika? >>
  8. Zergatik dira horren ezberdinak pedigridun katuen arteko erosketa balioak? >>
  9. Zergatik dira horren altuak pedigridun katuen erosketa balioak? >>
  10. Arrazadun katakume bat bilatzerakoan kontutan izan beharrekoak >>
  11. Katuei Ongi Etorria etxe berrira: 1.egunetik prest euki beharrekoak:
    • Santutegi prozedura
    • Arriskuak berpasatu eta ekidin
    • Elikadura
    • Osasuna eta Albaitaria
  12. Jolasorduak eta Trebaketa, zertarako? >>
  13. Zertarako balio dute Katu Erakundeek? Zeintzuk dira euren arteko ezberdintasunak?
  14. Zertarako erakusketak?
  15. Okela gordinaren elikadura?
  16. Antzututako katuek ez al dute naturaltasuna-galtzen?
  17. Antzutze goiztiarraren gaineko zientzi ikerketak eta ondorioak.

Bestelako edozein zalantza ongietorria izango da Gutaz ataleko email helbidean. Erantzunak igo ahala irakurri nahi badituzu, beheko laukian zure emaila bidaliguzu.

Galdera IkurraGaldera IkurraGaldera IkurraGaldera IkurraGaldera IkurraGaldera Ikurra

1. Zein da kalekatu eta arrazadun katu baten arteko ezberdintasunak?

Katu moten sailkapena ezagutzeak ezberdintasunok argitzen erraztuko digu. Katuak sailkatzeko modu ezberdin asko dago, baina orokorrean bi aipatuko ditugu: bizimoduaren arabera eta itxuraren arabera.

Bizimoduaren arabera:

  • Basakatua edo mendiko katua (Felis silvestris): gizakiarengandik urrun, basa-naturan integratu eta eboluzionatu den mendiko edo basoko katua da.
  • Katu etxekotua edo domestikoa (Felis catus): gizakiekin nolabaiteko harreman estua duen katua da. Etxekotua izatea, hau da, gizakiengandik gertu beren bizimodua antolatzea, ez du esan nahi gizakiekin gizartekotuta daudenik. Izan daitezke:
    • Etxeko katua edo lagunarteko katua: gizakiekin etxeetan bizi den katu gizartekotua edo sozializatua.
    • Kale-katua: gizakien etxeetatik kanpo bizi den katu etxekotua (domestikoa). Izan daiteke:
      • Katu galdua: bere bizitzako uneren baten etxe baten barruan bizi eta pertsonetara ohitua izan zen katua da, baina beren etxea edota pertsonekin zuen ohiko kontaktua galdu duena. Katu galduaren iraganean, katua nahikoa gizartekoturik bazegoen, katua ukitua izan zitekeen, baina orain, denborarekin gero eta gizartekotu gabeago bilakatuko da; baita basati bilakatu ere, denbora luzeegi ematen badu pertsonekin elkarrekintza baikorrik izan gabe. Erregulartasunarekin pertsonekin kontaktua izatera berriz bideratuz gero, agian bergizartekotua izateko aukera izan dezake.
      • Katu basatia edo oldarkorra: gizartekoturik gabeko kaleko katua da, gizakiekin harreman fisikorik inoiz izan ez duena, edota gizakiekin zuen harremana hainbeste joan da gutxitzen, dagoeneko gizakietara ohituta ez dagoela. Katu basati gehienak, gizakien beldur dira eta ia ezinezkoa izango da etxe baten barruan bizi eta altzoan egotea gogoko duen katu baten inoiz bilakatzea. Katu basatiak basa-bizitzarentzat suntsigarriak dira, eta ingurumenaren babesean aditu diren biologoentzat Lurreko espezie inbaditzaile txarrena dira. Beren kudeaketa korapilatsua da. EEBBetako Floridako Unibertsitateko Basabizitzaren Ekologia eta Babeste Departamentuaren 2020ko txostenak erakusten duen bezala, egun eutanasia gaizki ikusita badago ere, gorakada izan duten Harrapatze-Antzutze-Askatze programek emaitza gazi-gozoak izaten ari dira (ikusi azterlana: webgunean edo jatorrizko PDF formatuan).

Itxuraren arabera:

  • Arrazarik gabekoa edo nahastua: ezaugarriak finkatzeko interesik gabe, itxura eta jarrera ezberdinetako katuen nahasketatik jaiotako katua da. Zaila da iragartzea nahastuen kumeek izango duten itxura eta jarrera.
  • Arrazaduna edo arraza garbikoa: itxura eta jarrera (izaera) jakin bat mantentzeko, itxura eta jarrera berdina duten katuetatik jaiotako kumea da. Kumeek gurasoen itxura eta jarrera izango dutela aurreikus daiteke.
    • Pedigriduna edo erroldatutakoa: katugintza-erakunde ofizial bateko "jatorri-liburuan" erroldatuta dagoen katua da. Erakunde hauen barneko elkarlanari esker katuen arrazak ziurtatzea, mantentzea eta haien osasuna sendotzea lortzen da. Erakunde guzti hauetako Hazkuntza Araudiek derrigortzen dute katakume guztiak pertsonekin elkarbizi diren etxeetan jaiotzera eta etxeko pertsonekin egunero sozializatzera, eta etxe berrietara ez joatea gutxienez 3 hilabete izan arte (12 aste), ahal bada 4 hilabete (16 aste) hobe.
    • Erroldatu Gabea edo Pedigririk ez duena: erakunde ofizialetan erroldatu gabeko katua. Era honetako katuak sarritan ardurarik gabe hazten dituztenez, beren hazleek nahi gabe arrazako ohiko gaixotasunak berriz agerrarazten dituzte, edota gaixotasun berriak agertzea errazten dute.

Orokorrean, txakurtegi edo babes-tokietara irizten diren kale katu gehienak katu basatiak edo oldarkorrak dira, eta arrazadun katu gehienek pedigria daukate. Beraz, beren arteko ezberdintasun nagusiena da duten gizarteratze maila (edo sozializazio maila). Katuen gizartekotze edo sozializatze epea oso mugatua da, jaio eta 3.astetik 7.astera bitartean bakarrik (asko jota 9. astera arte):

  • Pedigridun katuetan: jaiotzetik egunero pisatuak izango dira (21 egun izan arte gutxienez), jolas, muxu eta laztanen artean etengabe ukituak izatera ohitzen zaie (sabela, atzaparrak,...), katu erakusketetan epaileek egingo dizkieten frogetara ohituak dira, etxeko jendearen joan-etorrietara ohitzen dira, eta, beharrezkoa ez duten arren, apaintze errutinak egiten dizkiete (bainatu, lehorgailuarekin iletza lehortu, atzaparrak laburtu, orraztu, hortzak garbitu,....). Aldi berean katemeak kumeei irakasten die bestelako katuekin nola aritu.... azken finean, pedigridun kumeak lagunarteko ezin hobeak bihurtzen dira. Are gehiago, katua gero eta nagusiago izan, gero eta gizartekotuagoa eta trebatuago izango da, eta gazteen suntsikortasun maila txikiagoa erakutsiko du. Kontutan hartzeko aldeko ezaugarri nabarmena da, batez ere inoiz katuren batekin bizi izan ez diren edota inoiz katu bat trebatu ez duten jabe berrientzat.
  • Kale-katu basatietan: adinez 9 aste baino nagusiagoak badira, ia ezinezkoa izango da altzoan egotea gogoko duen katu baten bilakatzea. Gazteagoak izanda eta amarengandik aldenduak badira, aukerak daude mantsotzeko, baina txakurtegi eta babestokietara kume basati asko iristen dira eta bolondres laguntzaileen kopurua mugatua da. Gainera, amarengandik aldenduz gero, edoskitzea goizegi kentzearen ondoriozko osasun arazoez gain, ez dute ikasiko beste katuekin jarrera egokia izaten. Nahiz eta pertsona bolondres laguntzaileak ahal duten guztia hoberen egiten saiatu, katakume hauek inoiz ez dute pedigridun hazle arduradun baten etxean jasoko lukeen bezalako gizartekotze mailarik lortuko.

2. Zer da etxe katutegi edo katu-haztegi bat?

Haztegi mota ezberdinak daude, helburu eta prozedura ezberdinekin.. Asko orokortuz gero, bira murriztu litezke: faktoria haztegiak eta etxe haztegiak.

  • Faktoria-haztegiek ahal bezain diru-etekin handiena lortzea dute helburu, eta horretarako animalia asko izan behar dituzte espazio ahal bezain txikienean eta dituzten animaliengan ahal bezain gutxien gastatzea beharrezkoa zaie. Hainbeste animali dituzte, etxetik kanpoko ikuilu handietan izaten dituztela, eta ez daudela gizakiekin bizitzera ohituta. Animali asko eta azkar hazten dituztenez, oso merke saltzea eta irabaziak izatea posible zaie. Gizakien elikadurarako bideratutako animali gehienak haztegi mota honetan hazten dira.
  • Etxe haztegiek lagunarterako den animalia arrazaren bat beren etxean zaintzea, mantentzea, hobetzea eta haztea dute helburu. Arduratsuak diren hazleak izan oi dira, beren animalien osasunean behar dena eta gehiago gastatzen dute, familiako partaide balira bezala. Beren helburua da lagunarteko animaliak haztea, eta horretarako abere guztiak hazleen etxeetan jaio behar dira eta etxeko pertsonekin batera hazi. Etxe katutegi bat, etxe-katu-haztegi bat litzateke.

Etxe katutegiek nazioarteko katugintza-erakunde baten erroldatuta egon ohi dira, eta arraza bereko beste etxe-katutegiekin elkarlana egiten dute beren arrazaren osasuna eta ezaugarriak hobetzen jarraitzeko. Erroldatutako katutegiaren izena, hazleari bere etxean jaioko zaizkion kume guztien abizena izango da, jaiotze ziurtagirian edo Pedigrian. Hazle guztiek erakundean albaitarien laguntzarekin adostutako Hazkuntza Araudi bat jarraitzea derrigorrezkoa dute. Katu-erakunde guztietan, katutegiko kume guztiak pertsonen etxebizitza baten jaio eta hasi behar dira, lagunarteko animaliak haztea delako helburua,. Beraz, Pedigridun katu hazle guztiak, etxe-katutegiak dira. Etxe batean animalien kopurua mugatua da, kostuak handiak dira, eta, beraz, beren kume baten erosketa balioa handia izaten da, nahiz eta kostuak berreskuratzera edo orekatzera bakarrik bideratzen saiatu. Eta irabaziak dituztenean, beren kumeekin ematen duten denbora kontutan hartuz, irabaziak ez dute horretaz bizitzeko ematen. Lana baino gehiago, pasio arduratsua da.

Tamalez, badaude katu-hazleak lagunarterako saltzen dituzten animaliak "faktoria-haztegi" modura hazten dituztenak. Hauek ez daude katugintza-erakunderen baten erroldatuta, beren kumeak ez dira beren etxean jaio eta hasten, eta beraz ez daude gizartekotuta edo pertsonekin bizitzera ohituak. Prezio oso merkean saldu ohi dituzte eta askotan gazteegi eta osasun bermerik gabe. Beren kumeak gizartekotuta ez daudenez, antzutu gabe ematen dituztenez eta kumeen gurasoei beharrezko froga genetikoak egiten ez dizkietenez, kume hauek aukera handiak dituzte jarrera eta osasun arazoak izateko, eta merke direnez, jendeak errazago abandonatzen ditu.

Beraz, katu-erakundeetan erregistratu gabeko hazleak eta beren erosleak dira katuen gainpopulazioaren arduradun nagusienetakoak. Aldiz, erroldatutako etxe-katutegietako hazleak, katu gutxi birkokatzen edota saltzen ditugu, eta beti ere gurekin kostua elkarbanatu edota ordaintzeko gai eta prest dauden pertsona arduradunei bakarrik. Katu baten benetako kostua ordaindu duen jabe batek ez du katua abandonatzen, are gutxiago katua, antzututa eta gizartekotuta dagonez, jarrera bikain eta maitakorra duenean. Pedigridun hazleen katuek ez dute kalean edota babes-tokietan bukatzen (galdu ez badira behintzat), beraz, ez gara kalekatuen etsaiak, laguntzaileak baizik. Pedigridun katuak kalean bukatzen ez badute, kalekatuek aukera gehiago baitute dute adoptatuak izateko. Gainera jabe berri arduratsuak sortzen ditugu, eta katuenganako maitaleak sortu.

3. Zergatik dendetan ez?

Dendei ezinezkoa zaielako katu-erakundeetako hazkuntza araudia jarraitzea, hau da, ezinezko zaielako katakumeek behar dituzten higiene, osasun eta gizartekotze protokoloak jarraitzea.

Osasun aldetik begiratuta, edoskitzen dagoen katakume bati ezinezkoa da 4 hilabete baino lehenago oinarrizko txertaketa prozesu guztia burutzea. Txertaketa ez litzateke 12 aste (3 hilabete baino lehenago) hasi beharko, amaren esnearengandik neutraldua izan ez dadin, eta 2 txertaldi behar dira (3 asteko tartearekin) urteroko indargarri-txertoak modu eraginkorrean eman aurretik. Kumea amarengandik lehenago kendu bada, txertaketa prozesua garestiagoa da txerto gehiago jarri beharko litzaizkiokeelako (2 astero), katemearen esnearen babesik ez lukeelako eta bere babes sistemak 3 hilabete baino lehenago ez delako babes iraunkorrik sortzeko gai, eta gainera amarengandik gizartekotzerik ere ez luke jasoko. Dendei ez zaie errentagarri txertatze protokolo egokia betetzea.

Dendak izan dira orain arte faktoria-haztegien katakumeak saltzeko bitartekariak,beraz, beraiek dira arduragabekeriaz ari diren hazleen laguntzaileak.

Horregatik, Katu-Erakundeetan debekatuta dago Pedigridun katuak edota beren kumeak dendetan erakustea edota saltzea.

4. Zergatik da pedigria eskatzea horren garrantzitsua?

Garrantzitsua da, ezer ordaindu aurretik, eskaintzen dizuten katakumearen edo katuaren jatorrizko Pedigria aldez aurretik erakusteko beti eskatzea.

Pedigri bat. ez da genealogi -zuhaitz bat bakarrik, Nazioarteko Katu Erakunde baten zihurtagiri bat baizik, adierazitako katakumea edo katua erakundeko Hazkuntza-Araudiko Osasun prozeduren arabera hazia izan dela bermatzen duena, amaren, aitaren, kumeen eta arrazaren osasuna babesteko helburuarekin. Hazle batek betetzen ez dituenean zigortua izaten da eta zigorrak dirauen denboran jaio litzaizkiokeen kumeen pedegririk ezingo du bideratu. Adibidez, kateme bat 2 urtetan ezin da 3tan baino gehiagotan kumatu (hau da, 8 hilabetero behin edo praktikan urtean behin eta urteren baten ezuste bat). Gehiagotan kumatzen badu, zigorraldiak balioko du hazleak katemeari atsedenaldia ematera derrigortzeko, izan ere, zigorraldian jaiotako kumerik ezingo duenez inoiz Pedigririk izan, kume horiek ezingo dira inoiz ugaltzailetzat erroldatuak izan, ezta katu-erakusketetan inoiz parte hartu ere, eta, beraz, hazle zigortuak ezingo ditu pertsona arduratsuei saldu edo eman.

Ez dago dendarik pedigririk eskain dezakeenik, arduratsuak diren Nazioarteko Katu Erakunde guztietan (FIFe, CFA, TICA,...) kumeak dendetan saltzea debekatuta dagoelako, dendei ezinezkoa zaielako kumea lagunarteko abere osasuntsu eta gizartekotu batean bilakatzeko beharrezkoak diren osasun eta gizartekotze baldintzak ezartzea. Pedigria duten arrazadun kume guztiak jaioak eta haziak izan behar dira etxe baten, gizakien artean.

Dendek batzuetan iruzur egiten dute genealogi zuhaitz bat erakutsiz, baina honek ez du edukiko arraza bakoitzean beharrezkoak diren froga genetikoak eta klinikoak ziurtatzen dituen erakunde baten sinadura eta zigilurik. Zigortutako hazleek edota erroldatu gabeko hazleek ordea iruzur egin dezakete kumearen gurasoen pedigriak erakutsita, baina horrek bakarrik erakusten du gurasoak ongi haziak izan zirela, baina ez ordea eskaintzen ari dizkizuten kumeak.

Beti eskatu, aldez aurretik eta aurrebaldintzarik gabe, katakumearen pedigria. Susmatu eskaintzen dizuten kumearen edo katuaren pedigria ez erakusteko aitzakiak ematen dituen edozein hazletaz.

Gure kume eta heldu guztien pedigriak gure webgunean ikusgai daude, katu eta kumaldi bakoitzaren deskribapen web-orrian.

5. Froga Genetikoak Zergatik?

Ezaugarri berdinak dituzten gurasoen bitartez, kumeetan ezaugarri horiek finkatzen joan daitezke. Itxura eta jarrera ezaugarriak finkatzeaz gain, batzuetan gaixotasun genetikoak ere finkatzen dira.

Abere edo animali guztion ezaugarri gehienak geneetan daude "idatzita" edo kodifikatuta. Geneak kromosometan biltzen dira, eta kromosoma guztien bi kopia ditugu. Katuek 19 kromosoma bikote dituzte eta gizakiok 23. Guraso bakoitzarengandik kromosoma guztien kopia bat jasotzen dugu, eta gure kumeei gure kopietako bat bakarrik pasatzen diegu, horrela kume berriek berriz ere beren bi kopiak izango dituzte.

Batzuetan gen bakar bat da ezaugarri baten arduraduna, eta orduan genetika sinplearen legeak betetzen dira (genetika mendeliarra ere deitzen zaio). Kasu honetan, ezaugarri horren genearen bi kopia ditugu, eta kopia bakoitzari alelo deitzen zaio. Katuek ere gen bakoitzaren bi alelo dituzte. Gen batek aldaera edo bertsio ezberdinak izan ditzake. Gen bakoitzari hizki bat ematen zaio eta aldaera bakoitzari hizki-bertsio batekin izendatzen da. Adibidez, ilearen beltza-kolorearen geneari "B"letra egokitzen zaio, eta bere aleloak (aldaerak) hauek izan daitezke: beltza (B), marroia (b) , gorrizka/kanela (bl), ... Ezaugarri batean bi aleloak berdinak dituenean, animali hori ezaugarri horretan homozigotoa dela esaten da, eta bi aleloak ezberdinak dituenari ezaugarri horretan heterozigotoa dela esaten da. Ezaugarri homozigotoa duten katuei aleloaren ezaugarria fisikoki ikusi ahalko zaie, baina ezaugarri heterozigotoa duten katuei, alelo indartsuenaren ezaugarria bakarrrik ikusiko zaio. Alelo indartsuari alelo gainarkorra deitzen zaio eta hizki larria egokitzen zaio, bere ezaugarriak beste aleloaren ezaugarria gain-hartzen duelako. Alelo ahulari alelo azpirakorra deitzen zaio eta hizki txikia egokitzen zaio, bere ezaugarria fisikoki azpian edo ezkutatuta geratzen delako. Begi hutsez ikusten den ezaugarri fisikoari fenotipoa deitzen zaio, eta ezaugarri horren atzean animaliak duen benetako alelo bikoteari genotipoa esaten zaio. Fenotipo batzuk genotipo ezberdinak izan ditzakete, ezaugarri baten heterozigotoak direnean, eta orduan begiarekin ikusten ez den aleloaren eroalea dela esango zaio. Katuetan Beltza aleloa hain da erabat gainarkorra, ezinezkoa dela begibistaz jakitea erbi (beltz) koloreko abisiniar katu bat gorrizka /sorrel (laranja) edota apaldura/diluzio aleloen eroalea ote den.

Antzinean, animali bat ezaugarri edota gaixotasun baten eroalea bazen jakiteko modu bakarra, animali horren gurasoak edo kumeak homozigoto baziren ikustea zen. Egun PCR genetika froga bidez jakin daiteke, eta genetika sinpleko gaixotasun batzuk arrazatik garbitu: PDK, Erretinaren txikitzea, ... Gen bat baino gehiagoren menpe dauden ezaugarriak eta gaixotasunak ez dira oraindik ongiegi ulertzen eta katuetan oraindik ez dago PCR frogarik. Froga genetikorik ez dituzten gaixotasun genetikoetan froga fisikoak egiten zaizkie gurasoei: displaxia, zilbor hernia, bihotzeko gaixotasunak, ... Gaixotasun batzuk ez daukate oraindik froga fisiko erabakiorrik, eta animalia hilda geroko azterketa edo nekropsia da aukera bakarra gaixotasuna baieztatzeko, amiloidosia esaterako.

Katu arraza bakoitzak bere jatorrizko gaixotasunak ditu, eta Katu Erakundeetako Hazkuntza araudian (FIFeko Hazkuntza eta Erregistratze Araudian - FIFe Breeding and Registration Rules, 2022, orri. 7,29-30) aipatu egiten dira arraza bakoitzean derrigorrezkoak eta gomendagarriak diren frogak egitea. Gaixotasun horiek garbitu dituzten edo ahal bezain gehien garbitzen saiatzen diren hazle arduratsuek beren katuen frogen emaitzak publiko egiten dituzte.

ABILKI katutegiko gure abisiniar ugaltzaile bakoitzaren profilean Froga genetikoen emaitzak agertzen dira, eta pasaportearen azken orrian froga fisikoen emaitzak.

6. Abisiniarren ezaugarriak zeintzuk dira?

Izaera aldetik energiaz eta jakin-minez beterik egon ohi da, etxeko ekintzetan parte hartu nahi duela dirudi. Etxekoekin egon nahi du, baina ez du pertsonen besoetan luzaroegi jazartzea gogoko. Etxekoekin eta bisitariekin oso soziala izan daitekeen arren, etxeko pertsona batekin harreman estuago garatzeko joera izan dezake. Orokorrean oso soziala da, baita etxeko beste animalia batzuekin (aurkezpena egoki eginez gero).

Abisiniarraren ezaugarri fisiko nagusiena kolore beltzaren bilakaeran eragina duten bi ezaugarri dira: Aguti genea eta Tabby ereduaren genea.

  1. Aguti genea (A): ile bakoitzean beltzaren kolorearen banaketaren arduraduna da. Bi aldaera nagusi ditu: A (agutia edo tartekatua alelo gainartzailea: gutxienez bi marrarekin, tontorra kolore horretan bukatua) eta a (kolore zurrunaren alelo azpirakorra: oinarriaren gaineko kolore beltza zurruna eta bakarra da, marrarik gabea). Abisiniar guztiak Aguti homozigotoak dira, hau da beren bi aleloak A A dira.
  2. Tabby genea (T): gorputzean zehar ile zurrun beltzaren banaketa ereduaren edo marrazkiaren arduraduna da (pentsatu tigre animaliaren marretan). Alelo ezberdinak daude:T+ (mackerel - berdelduna edo tigreduna), Ts (spotted - orbanduna), Ta (ticking -puntutxuka zipriztinduna), tb (blotched: marmolduna). Abinisiar guztiak ticking edo zipristindun tabby homozigotoak izan behar dute: TaTa. Bere bi aleloetako bat ezberdina izango balitz, TaT+ adibidez, tickinga izango luke baina baita marra eta eraztun arrastoak hanketan eta buztanean, hurrenez hurren. Eraztun arrastoak zigortu egiten dira Abisiniarraren deskribapenaren Estandarrean.

Beraz, abisiniar guztiak froga genetikoetan agutidun eta ticking-zipriztindun tabby homozigotoak dira. Beren kolore zurruneko ileak hain daude sakabanatuta, iluntasunaren frogen bakarrik nabari daiketeela buru-belarrietan, bizkarrezurrean eta isatsean (isatsaren edo buztanaren puntan bereziki), eta hanka puntetan eta atzaparren artean:

Gorputzaren gehiengoan aguti iletza da nagusi:

Kolorei dagokionez, Abisiarretan onetsitako 8 kolore fenotipoetan 3 genek parte hartzen dute:

  • B (beltzaren kolorearen genea): bere aleloak (aldaerak) hauek dira: B (beltza) eta bl (gorrizka/sorrel, zientifikoki "kanela").
  • D (kolorearen diluzioaren genea): bere aleloak aldaerak hauek dira: D (kolore zurruna) eta d (kolore apaldua edo diluitua: genetikoki beltzak direnak urdin ikustarazten ditu, eta gorrizkak direnak beix ikustarazten ditu).
  • I (aguti ileetan ori kolorearen genea): bere aleloak hauek dira: i (kolore oria ahalbidetzen du) eta I (kolore oria inhibitzen edo galarazten du).

FIFe Katu erakundeak 8 fenotipo onesten ditu katu Abisiniarretan: 4 oinarrizko kolore (erbia/beltza, gorrizka/sorrel, urdina eta beixa/oreinkumea) eta beren 4 zilar aldaerak. Hona fenotipo bakoitzaren genotipo aukera ezberdinak (goiko hiru geneen aleloen konbinazioen ondorioz):

  • Oinarrizko 4 koloreen fenotipoak:
    Genotipo aukerak Erbia
    (ABY n)
    Gorrizka
    (ABY o)
    Urdina
    (ABY a)
    Beixa
    (ABY p)
    1.aukera B B - D D - i i bl bl - D D - i i B B - d d - i i bl bl - d d - i i
    2.aukera B bl - D D - i i bl bl - D d - i i B bl - d d - i i
    3.aukera B B - D d - i i
    4.aukera B bl - D d - i i
  • Zilar aldaeren beste 4 fenotipoak:
    Genotipo aukerak Zilar Erbia
    (ABY ns)
    Zilar Gorrizka
    (ABY os)
    Zilar Urdina
    (ABY as)
    Zilar Beixa
    (ABY ps)
    1.aukera B B - D D - I I bl bl - D D - I I B B - d d - I I bl bl - d d - I I
    2.aukera B bl - D D - I I bl bl - D d - I I B bl - d d - I I bl bl - d d - I i
    3.aukera B B - D d - I I bl bl - D D - I i B B - d d - I i
    4.aukera B bl - D d - I I bl bl - D d - I i B bl - d d - I i
    5.aukera B B - D D - I i
    6.aukera B bl - D D - I i
    7.aukera B B - D d - I i
    8.aukera B bl - D d - I i

Goiko taulan ikusten den bezala, 5 alelo motekin (B, bl, D, d, i) oinarrizko 4 fenotipo kolore lor daitezke. 4 fonotipo kolore hauetarako 9 genotipo aukera daude: erbi koloreak aukera guztien %44a ordezkatzen du (9 aukeretatik 4 genotipo), gorrizka(laranja)/sorrel koloreak %22a (9 aukeretatik 2 genotipo), urdin koloreak %22a (9 aukeretatik 2 genotipo), eta beix/oreinkume koloreak %11a bakarrik (9 aukeretatik genotipo bakarra). Beraz, erbi kolorea da oinarrizko koloreen artean nabarmenena eta abisiniar katu arrazaren ordezkaria ezbairik gabe.

Zilartasunaren aleloarekin (I) beste 4 koloreak (zilardunak) lortuko lirateke. Baina hau ere gainarkorra denez, alelo hau kontutan izanda, 8 fenotipo izango genituzke eta goiko tauletan ikusten den bezala, aurreko 9 genotipoei beste 18 genotipo gehitu litzaieke. Guztira 27 genotipo izango genituzke eta oinarrizko erbia kolorea ia %15a bakarrik ordezkatuko luke, beste oinarrizko koloreak are gutxiago, eta zilardunak nagusi lirateke %67a ordezkatuz. Lotura honetan zilar gorrizka eta zilar erbiaren adibidea duen argazkia duzu eskura.

ABIKI abisiniar katutegian oinarrizko 4 koloreak lantzen ditugu bakarrik. Hala ere, kumaldi bakoitzean espero litezkeen fenotiopoen aukerak edo probabilitateak, kumaldiko bi gurasoen genotipoaren arabera mugatuta dago. Kumaldi bakoitzaren fitxa edo web-orrian fenotipoen probabilitateak adierazten ditugu, baita azkenean jaiotako koloreak ere. ABILKI abisiniar katutegian oraindik ez dugu guraso konbinaziorik beix koloreko kumeak izateko. Hurrengo bi argazkietan, erlojuaren orratzen norabidean, urdin, erbi eta gorrizka/laranja koloreen eredu bana agertzen da.

Abisiniar katuen oinarrizko koloreen eredu gehiago gure Argazkiak atalean aurkituko dituzu:

  • Erbi koloredunak (ABY n): Lehena, Flash, Bihurri, Ilun, Handi,...
  • Gorrizka/Sorrel koloreduna (ABY o): Larain
  • Urdin koloredunak (ABY a): Jina, Urdin

7. Somaliar eta Abisiniar katu arrazen arteko ika-mika?

Somaliar katua abisiniar katuetatik ateratako ile luzeko Abisiniar katuaren aldaera bat da, ilearen luzeera kontrolatzen duten geneetako mutazioek sortua (hemen bere argazkiak). Egun katuen ilearen luzeeran eragina duten 4 gen mutazio ezagutzen dira, eta guztietan ile luzearen aleloa azpirakorra da. Beraz, ile luzearen aleloren baten eroaleek (4 gen horietakoren batean heterozigotoak direnek) ile laburreko fenotipoa izango dute eta, eroaleak ez direnak bezala, abisiniar itxura dute.

1979.urtean Somaliar arraza onartua izan zen Ipar Ameriketako CFA katu erakundean, eta geroago, 1981.urtean Europako FIFe katu erakundean.

Ilearen luzera edota ilearen eredua Estandarreko deskribapenean duten ezberdintasun bakarrak direnean, bi katu arraza mota horiei beren artean Arreba-Arraza deitzen zaie. Hauen arteko elkargurutzaketa batzuetan baimenduta dago, batez ere, beren genetika aniztasuna ahalbidetzeko (eta horrela gaixotasunen aurrean sendotasuna lortzeko):

  • CFA erakundean, Somaliar arraza sortu zenetik, Abisiniarren pedigrietan ez da Somaliarrik sartzea onartzen, baina Somaliarren pedigrietan bai onartzen dira Abisiniarrak eta beren arteko gurutzaketak sartzea. Hau da, Somaliar gurasoa duten kumeek, nahiz eta fenotipoz ile laburrekoak izan eta abisiniarren itxura bera izan, Somaliarren Pedigri Liburuan sartzen dira bakarrik. Arrazoia omen da, Somaliarren genetika aniztasuna oraindik sendotzear falta dela, eta Ipar ameriketan abisiniarrek nahiko aniztasun genetikoa omen dutela.
  • FIFe erakundean, berriz, bi arraza arreba hauen artean gurutzatzea onartuta dago, eta fenotipo laburra duten guztiak Abisiniarrak bezala agertzen dira eta ile luzea dutenak bakarrik Somaliar moduan agertzen dira.

Abisiniar hazleak, bai Europan (FIFe-n) eta bai Ipar Ameriketan (CFA-n), ados zeuden eta Somaliarrik Absiniarretan ez sartzen saiatu ziren, izan ere, goiko 5. eta 6. galderetan azaldu den bezala, genetika ezaugarri batzuk arin desagertzen dira alelo aldaera gehiago sartuz gero, eta ezaugarriak berriz kalitatearekin ateratzea belaunaldi batzuetako lan gogorra izan daiteke. 1990. hamarkadan Europako hazle batek Somaliar baten ile laburreko alaba sartu zuen Abisiniarren ugalketa programan. Bere oinorde asko FIFen ugaritu zirenez, CFA erakundean abisiniar arrazaren garbitasuna bermatzeko, Europako abisniarrak CFA-ren Pedigri liburuan Abisinar bezala sartzeko, katuaren goiko 7 belaunaldietan (7 arbaso belaunaldietan) somaliarrik ez egotea araututa dauka.

Abisiniar hazle batzuei 7 belaunaldi ez zaie nahikoa iruditzen eta 1979tik somaliar arbasorik dituzten abisiniar itxurako katu guztiak Pedigrietan Somaliar modura (somaliarren ile laburreko aldaera moduan) agertu beharko liratekeela uste dute. Beste hazle batzuei, ordea, bai iruditzen zaie nahikoa. Abisiniar-Somaliar ika-mika honetan, beraz, bi eratako hazleak daudela orokortu daiteke: hazle garbizale zorrotzak (lehenengoak) eta hazle malguak (bigarrenak).

Zein da ABILKI abisiniar katutegiaren kokapena ika-mika honetan? Erantzuna ez da erraza edo txuri-beltza. Gure ibilbidea deskribatuko dugu, gure egungo kokapena ulertzen laguntzeko. Gutaz atalean azaltzen dugun bezala, ibilbide luzearen ondoren, FIFe-k Danimarkan antolatutako Abisiniarren erakusketa batera joan ginen, eta maila altuko abisiarrak zituzten hazle txapeldunak ezagutu genituen, eta beraiekin gure lehen bi abisiniar emeak ekarri genituen, erakusketa kalitatekoak: Isolde (Lehena ere deitua) eta Jina.

Kanpo estalketa zerbitzuekin hasi ginen kumatzen. Kalitate handiko estalketa zerbitzuen gure bilaketan, modu adeitsuan eta errespetu osoz artatu gintuzten hazle zorrotzekin aurkitu ginen, eta beraiei esker jakin genuen Abisiniar-Somaliar ika-mikaren berri eta Pedigrian agertzen diren arbaso-belaunaldietan gora informazioa nola aurkitu. Oso jatorrak eta lagunkorrak diren gure lehen bi emeen hazleengatik jasotako 7 arbaso belaunaldira arteko informazioan Somaliar katurik agertzen ez bazen ere, hazle zorrotzek irakatsi ziguten urruneko arbaso somaliar bat zeukatela 8. eta 11. belaunaldietan gora, hurrenez hurren. Gure lehen bi emeen hazleak erakusketa kalitate maila altuko hazle malguak ziren beraz (nire emeen gertuko arbasoen artean munduko FIFe Abisniar txapeldunak daude, WW = World Winner). Eta beraien laguntzarekin lehen estalketa zerbitzuak lortu genituen, asko kostata.

Kanpo estalketen prozesua oso garestia zenez (hegaldien eraginez), argi geratu zitzaigun, har bat ekarri beharko genuela ABILKI katutegira. Europako hazle malguen artean har bat ekarri genuen, baina ugaltzaile kaxkarra suertatu zen eta, Somaliardun urruneko arbasoak dituzten abisiniar askok bezala, endogamia altua dutela ikasi genuen. Beraz, bigarren har bat bilatzen hasi ginen, oraingoan Somaliar arbasorik gabea.... baina bidean ikasi genuen, maila altuko Europako hazle zorrotzen artean, Amiloidosi gaixotasunaren arazoa dutela (hemen ikerketzaileen weborria). Hori gutxi balitz, bai hazle zorrotzen artean, zein hazle malguen artean, Tritrichomonas Foetus bizkarroia oso hedatuta dagoela ikasi genuen (hemen azken zientzi ikerlana) eta honen ikerketarako Ipar Karolina Estatuko Unibertsitateko Laborategiko Jody Gookin Doktoreari esker (hemen haren webgunea), eta harekin lanean dauden katu hazle trebatuei esker, ikasi dugu hori ere nola kudeatu (hemen gidaliburua ingeleraz) gure heldu eta kume guztiak garbi eta osasuntsu hasteko.

Arazo ezberdin hauen aurrean, bi hazle moten artean (zorrotz eta malgu) arduratsuak (ikerkuntza proiektuetan parte hartzen dutenak eta beste hazleekin informazioa gogotsu eta zintzotasunez elkarbanatzen dutenak), eta baita hazle zorrotz eta malgu arduragabeak (informazioa berentzat gorde eta ikerketa proiektuetan parte hartzen ez dutenak).

Ibilbidean orain arte ikasitakoarekin, hau da Abisiniar-Somaliar ika-mikan hazle zorrotz batzuen 4 argudio nagusiei buruz egun pentsatzen duguna:

1.argudio zorrotza: "hasierako Abisiniar hazleak hamarkadetan zehar lan gogorra egin zuten desiragabeko ezaugarriak (ile luzea barne) arrazatik kentzeko. Ezaugarriok berriz arrazan sartzea ez da egungo hazle gehienek miretsiko luketena (eta ziurrenik are gutxiago iraganeko hazleek ere ez)."

Gure kokapena: Bat egiten dugu hasierako hazleek lan gogorra egin zutelarekin, goiko 5. galderaneta 6. alderan azaldu dugun bezala, genetika ezaugarri batzuk arin desagertzen direlako alelo aldaera gehiago sartuz gero. Baina arrazoi jakinen batengatik (Europan abisiniarren genetika aniztasuna handiagotzeko, adibidez), somaliar arbaso bat sartu eta lan gogor hori errepikatu duen hazlearen lana goraipatzekoa izan daitekeela pentsatzen dugu, batez ere 7-8. belaunaldi beranduago, erakusketetan emaitza bikainak dituzten abisniarrak lortzen dituenean. Bide hau ez da errazena, bidean ezagutu ditugu hazle malguak, urruneko somaliar jatorriko abisiniarrekin txapelketetan emaitza bikainak zituztenak, baina hazle zorrotz izatera pasa direnak, Europan elkarlana topatzea zailegi zitzaielako.

2.argudio zorrotza: "Arrazak ez daude beren geneengatik definituta eta ezin dira ezberdindu genetika-testen bitartez (...) Urdin kolorearen fenotipoaren arduraduna den genea , adibidez, berdina da Errusiar Urdin katuan, Abisniar, Maine Coon, Pertsiar eta beste edozein arrazako katuan! Gauza bera gene gertatzen da beltza kolorearen genearekin. Gene bakoitza berbera da katu guztietan, edozein ile luzera dutela ere (...)Arraza guztiak genetikoki katuak dira, beraz, katuak ez dira definitzen beren genetikagatik, baizik eta definituak dira arraza horien sortzaileengatik, historia, ohitura, estandarra, aukeraketa eta arbaso hautaketen bidez."

Gure kokapena: Egia da, ez dago modurik gen bat aztertuz katua zein arrazatakoa den esateko. Diluzioa edota Beltza kolorearen ezaugarriaren genea katu arraza guztietan errepikatzen da. Horregatik, fenotipo edo itxura bera bermatzea lortzen duten genotipoen konbinazio multzoak osatzen du arraza bat. Ezaugarri batzuk genetika mendeliarra jarraitzen dute (kolorea, diluzioa eta ilearen luzerak esaterako), baina beste ezaugarri batzuk oraindik guztiz ondo ulertzen ez diren poligenetikaren lege konplexuak jarraitzen dituzte (hezurdura, gaixotasun batzuk, ....).

Baina katuen arrazek ez daukate zerikusirik pertsona hazleen ezaugarriekin, estandar ezaugarriak lortu eta egonkortzeko hazleek katuen belaunaldietako lanari esker egonkortu dituzten geneekin baizik. Beraz, arrazak genetikaren eraginez sortu dira, baita genetikaz hazleek ez zekitenean ere. Orain genetikaren ezagutza hasi berria da, eta ezaugarri batzuk ongi identifikatu baditugu ere, beste asko geratzen dira oraindik ezagutzeko.

3.argudio zorrotza: "Bestela, bideo honetako adibidea ikusi eta harreta jarri: Bi sagu hauek fenotipoki erabat ezberdinak diruditen arren, beren genoma berbera da!!".

Bideoak Dana Dolinoy Doktorearen epigenetikari buruzko azterlana azaltzen du. Bi bertsio daude: 2008ko bere diapositiba aurkezpena* eta Dolinoy-k berak Michigango Unibertsitatean emandako 2012ko hitzaldia borobila**

* iturria: 123longevity. (2011, apirilak 24). A Tale of Two Mice July 2008 (=Bi Saguren Historia 2008ko uztaila)[Bideoa]. YouTube.

** iturria: University of Michigan School of Public Health (=Michigan Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskola) (2012, maiatzak 17). Epigenetics, or Why DNA Is not Your Destiny (=Epigenetika, edo Zergatik DNA ez den Zure Patua)[Bideoa]. YouTube.

Gure kokapena: Argudio hau saiatzen da Dolinoy Doktorearen epigenetikari buruzko ikerkuntzaz baliatzen. Ikerkuntzak frogatu egiten du gaixotasun batzuk ez direla geneetan akatsak egotearen ondorioa, baizik eta ingumenak sortutako eraginagatik epigeneek ondo dauden gene batzuk desaktibatzearen ondorioa; horrela, DNA eta gen alelo berdinak dituzten animali bizkiek fenotipo ezaugarri ezberdinak izan ditzakete epiginetikaren eraginez, hau da, ingurumenaren eraginez bizki bat gaixotasun bat gara dezake eta besteak ez, nahiz eta biek DNA osasuntsu berbera izan. Ikerlanak frogatzen du zergatik gen batzuk desaktibatzen diren ingurumeneko kutsaduragatik (plastiko jakin batzuk egunerokotasunean erabiltzeagatik), eta aldi berean janariaren bidez, berraktibatu daitezkeela geneak, berriz ondo funtzionatzeko. Prozesu guztian geneak berdinak dira, epigeneak dira aldatzen diten gauza bakarra.

Zientzialariek epigeneen mekanismo hauek oraintxe ulertzen hasiak dira, eta bide luzea geratzen zaie oraindik epigeneak ongi eta zehatz ulertzeko. Beraz, Abisiniar-Somaliar ika-mikan epigenetikaren argudioa hazle zorrotzen alde erabiltzeak, bideoa ulertu ez izana erakusten du. Argudioa hau erabiltzen duten hazle zorrotzek iradokitzen dute, ile luzeran homozigotoak den Somaliar katu bat, epigenetikaren bidez lor dezakeela ile laburreko Abisiniarraren itxura izatea, eta hori egun ezinezkoa da.

Bideoan erakusten den bezala, ezaugarri bat izateko gaitasuna DNA-an (geneen aleloetan) dago, beraz, epigenetikak ezin du desaktibatu edo aktibatu ez dagoen alelorik. Hau da, egun katuen ile luzeeraren 4 alelo ezagutzen dira, beraz, ezinezkoa da abisiniar katu batek ile luzearen fenotiporik erakustea, ezta ile luzeko kumerik izatea, gen horiek gabe. Urruneko Somaliar arbasoaren ile luzeko geneen mutazioak galdu baditu, galdu ditu betiko. Somaliardun arbasoa duen abisiniar hau ezin da bereiztu somaliar arbasorik gabeko abisiniarrengandik, ez begi-bistaz, ezta genetikoki ere.

Gainera, ikerlanean ingurumena (janaria) erabilita epigenetika aldatzen dute, baina hazle arduradun guztiok kalitate goreneko elikagai berdinak erabiltzen ditugula kontutan izanda, bideo horrekin ezinezkoa da iradokitzea badaudela hazleak janariaren bidez epigenetika kontrolatzen dakitenik. Hazleren batek jakingo balu epigenetika janariaren bidez kontrolatzen, Dolinoy doktoreak baino hobeto ulertu eta kontrolatuko luke epigenetika, eta ikerketa lan bat aurkeztu eta sona lortzea erraza izango litzaiokeen. Inork ez du horrelako lanik aurkeztu.

Beraz, argudio honek ez du ez hanka ez bururik, froga genetikoetan ile luzearen 4 mutaziorik ez duen katua ezin da Somaliarra izan eta ezingo ditu somaliar kumerik izan, epigenetikak ezin duelako aktibatu edo desaktibatu DNA-an ez dagoen alelorik.

4.argudio zorrotza: "Zorionez, Abisiniar katua gaur egun arte ospetsu izaten jarraitzen du eta ez du genetika aniztasun murriztasunik sufritzen (...) Beraz, egun ez dago Abisiniar arraza hibridatzeko beharrik, 1960.hamarkadan beharrezkoa izan zen bezala, II. Mundu Gudan Europan Abisiniar gehienak suntsituak izan zirenean, edota geroago FeLV katu leukemiaren birusak arraza ia berriz desagerrarazi zuenean."

Gure kokapena: gure katutegira har bat ekartzeko bidean, Europako hazle malguen artean endogamia maila altua aurkitu genuen eta ez genuen ugaltzaile maila onik izan. Eta gero, Europako hazle zorrotzen artean har bat bilatzen hasi ginenean, beraien artean amiloidosi gaixotasuna ezagutu genuen (honen gaineko lotura goian duzu, galdera honen 10. paragrafoan). Beraz, argudio hau ez da Europan betetzen, berton abisiniar katua ez da arraza ugariena, eta genetika aniztasuna mugatua dela ikusi dugu. Horregatik, gure har berria Ipar Ameriketakoen artean bilatuko dugu.

ABILKI abisiniar etxe-katutegiaren helburua:

Goian azaldutako guztiagatik, erakusketa mailako Europako abisiniarren genetika aniztasuna arduraz handitzeko helburuarekin, Ipar Ameriketako abisiniar katu har ekarri nahi dugu eta bilaketa prozesuan gaude. Ahal den neurrian Somaliar arbasorik gabea eta endogamia modu arduratsuan mugatu eta kudeatu duen hazleren batena, etorkizunean, emeak berriztu beharko bagenitu, hazle zorrotzekin ere elkarlana ahalbidetzeko.

Pedigrien azterketa lagungarria bada ere, gure asmoa da gure abisiniar ugaltzaile guztiei, orain arte bezala, genetika frogen bitartez frogatzea oinarrizko fenotipoetan nahasmenik sortuko ez duen alelorik ez duela, hau da, ez dituela ile luzeen 4 alelorik, ezta B, bl, D, d eta i ez diren beste koloreetako alelorik.

Europan behintzat, Somaliardun arbasoak dituzten abisiniarrak ez genituzke boikotatuko, 7 belaunaldietan gora Somaliarrik ez badute eta genetikoki frogatuta badute ez direla ile luzearen eta kolore berrien eroaleak, eta gainera erakusketetako emaitzetan konsistentziarekin erakusten badute Abisiniar Estandarra betetzeko lan gogorra.

Hazkuntza praktika arduratsuak izan eta beste hazleekin errespetuz eta zintzotasunean elkarlanean ari den hazlea edo hazle taldea topatzea da guretzat garrantzitsuena. Bidean aurki ditzakegun oztopo eta zalantzak beldurrik gabe elkarbanatuko eta elkarrekin, lagunartean, eta albaitarien eta zientzialarien laguntzarekin, argitzen saiatzeko gogoa izango dutenak. Abisiniar katuen ongizatea interes pertsonalen gainetik jartzen dutenak.

Bukatzeko pentsatzen dugu oso interesgarria izango litzatekeela Nazioarteko Katu Erakunde nagusiek Abisiniarren eta gainerako katu arraza bakoitzaren egungo genetika aniztasunaren (populazio genetikaren) azterlan zientifikoak bideratzea. Beraien emaitzek gainera basa-naturan desagertze arriskuan dauden katu handien ugalketan programak ere bideratzen lagun lezakete.... edota katu handietan gaur egun arte egindako azterlanen metodoek, Arrazako Katuen osasun eta ugalketa araudietan sakontzen lagundu lezakete (abibidez, arreba-arrazen arteko gurutzaketak balio eta indize objetiboen arabera nola eta noiz mugatu zehazten).

8. Zergatik dira horren ezberdinak pedigridun katuen arteko erosketa balioak?

Bi aldagai nagusi daude arrazako katu baten balioan: katuaren kalitatea (edo funtzioa) eta hazleen arteko baldintzak.

Katutegi baten barruan bertan, hiru KATU kalitate (edo funtzio) zailka ditzakegu orokorrean: erakusketakoa, ugaltzailea, eta lagunartekoa.

  1. Erakusketakoa: bere arrazako Estandarra bikain betetzen duenean eta ezezagunekin jarrera adiskidetsua duenean, beraz, erakusketetan emaitza onak izango dituenean.
  2. Ugaltzailea: har ugaltzaileari Hazitarako ere deitzen zaio (Stud, Tom edo Sire, ingeleraz), eta eme ugaltzaileari Erregina (erlauntzen antzera erreginak kumeak dituelako eta katutegiko beste katemeakantzuak izan ohi direlako).
    • Ugaltzailea ona: bietako bat betetzen bada,
      • erakusketa mailakoak bezain ondo betetzen du estandarra, baina erakusketetan jarrera urduria du, baina etxean ama bikaina da, edota kume asko dituen aita ugalkorra.
      • erakusketa kalitateakoa izateko beste bere arrazako Estandarra horren bikain ez bete arren, bere pedigrian baiezta daiteke Erakusketa kalitateko arbasoak eta, beraz, erakusketetan emaitza onak izan ditzaketen kumeak izan ditzake.
    • Ugaltzailea eskasa: bietako bat betetzen bada,
      • ez du erakusketa kalitaterik eta bere oinordekoen artean baten bat izateko aukerak urriak dira, pedigrian erakusketa kalitateko arbasorik agertzen ez delako.
      • batzuetan erakusketa mailako kalitatea izan dezake, baina guraso txarra izan (arraren kasuan emeak kumedun usten ez dituelako, edota emearen kasuan erditzeetan arazoak izaten dituelako edota kumeak eskas zaintzen dituelako).
  3. Lagunartekoa:
    • Bere arrazako Estandarraren arabera akatsak dituenean: hauek antzutu eta kostu-balioan saldu egiten dira.
    • Erretiratutako ugaltzailea: bere ugalketa zikloa bukatu eta antzutu egiten den katua. Eme bakoitza 5 bat aldiz kumatu ohi da asko jota bere bizian, beraz, eme hauei irtenbidea eman behar zaie eta jabe berriak hondar-balio baten truke topatzen zaie. Hauek merkeenak izan ohi dira.

    Ugaltzaile kalitateko eme batek Lagunartekoen bikoitza balio ohi du. Har ugaltzaile batek eme ugaltzaile batek baino askoz gehiago balio dezake, izan ere, etengabe eta urte gehiagoz ugal daitezke eta, hori gutxi balitz, haren jabeak kanpo estalketako ordain-saria eska dezakeelako ebre kume bakoitzeko. Erakusketa kalitateko arrak are garestiagoak dira.

    Abilki famili eta etxe-katutegiaren helburua ez da dirua irabaztea, abisiniar arraza iraunarazten eta hobetzen ekarpena egitea eta katuen trebakuntzan sakontzea baizik. Arraza bat serioski hobetzen saiatzean, nahiz eta gure abisiniar askok erakusketa eta ugaltzaile kalitatea duten, ele hoberenak bakarrik parte hartzen dute gure ugalketa programaren parte, gainerakoak antzutu eta lagunarte moduan etxe berrietan birkokatzen dira diru-balio baten truke. Balioaren helburua ugalketa programaren kostuak berreskuratzen eta orekatzen saiatzea da.

Azkenik, eskuratze baldintzen arabera bi katu HAZLE mota daude:

    1. Beren kumeak 3 hilabeterekin birkokatzen edo saltzen dituztenak: jabe berriaren gain usten dute gainerako kostuak zuzenean ordaintzea (antzutzea, 4 hilabeterekin ematea beharrezkoak diren birgogoratze txertoak, ... eta sarritan ez dute kumearen Pedigria ez dute aldez aurretik ematen, ezta Osasun Bermerik ematen ere).
    2. Beren kumeak 4 hilabetetik aurrera (eta 2 urte artean) birkokatzen edo saltzen dituztenak: dagoeneko txertatze prozesu guztia burututa, dagoeneko antzututa, Pedrigri ziurtagiriarekin, eta Osasun Berme bat barne, gehi gutxienez hilabete bat gehiagoko gizartekotzea, janari eta areontzi azpigarriarekin). Hau da ABILKI katutegiaren eredua (lotura honetan gure kontratuko edo hitzarmeneko kontzeptuak zerrendatuta daude).

    Bi hazleen arteko balioak alderatzean garrantzitsua da kontutan izatea, 3 hilabeterekin saldutako kumeetan, jabe berriek beren kabuz 400 euro gehiago gastatu beharko dituztela hurrengo hilabetean. ABILKI kumeetan, ordea, gastu guzti horiek kontratuko prezioaren barruan daude. Abisiniar katutegian, baina, kumeen etxe berrietara joateko gutxieneko adina ez da eztabaidagarria, guretzako garrantzitsuena gure kumeentzat eta beren etxe berrientzat, bi aldeentzat, emaitza positiborik hoberena ziurtatzea iruditzen zaigulako. Horrela katuen-eta-gizakien arteko historia arrakastatsuak sortzen ditugu eta kaleetan eta babes-tokietan bukatzen duten lagunarteko katuen abandonatzea errotik desagerrarazten laguntzen dugu, arazo hau sarritan hazle eta erosle arduragabeen ondorioa delako (transakzio azkar eta merkeari lehentasuna ematen diotelako, kumeak genetika osasuntsua eta jarrera gizartekotua eta moldagarria izateko beharrezkoa den lan gogorraren gainetik).

9. Zergatik dira horren altuak pedigridun katuen erosketa balioak?

ABILKI abisiniar katutegian, gure kumeetako ale hoberenek bakarrik parte hartzen dute gure ugalketa programan. Gainerakoak, askok erakusketa kalitate bikaina badute ere, antzutu eta lagunarte moduan etxe berrietan birkokatzen dira kostu-balio baten truke. Balioaren helburua ugalketa programaren kostuak berreskuratzen eta orekatzen saiatzea da.

Katakume baten kostu-balioak 4 aldagai ditu: emeen gastuak, arren gastuak, kume bakoitzaren beraren gastuak eta haztegiko gastuak.

  1. Emeen gastuak:
  2. Gure ugalketa plangintzan eme batek bizitzan 5 kumaldi izan ditzake asko jota. Eme bakoitzak urtean behin bakarrik kumatuko litzateke, beraz, 5 urte (kumaldi) geroago, eme ugaltzailea erretiratu eta antzutuko litzateke, lagunarteko bizitza oparoa eta osasuntsua izateko, eta, egoeraren arabera, etxe berri baten birkokatuko litzateke. Abisiniar katuetan bateaz beste 2.5 kume jaio ohi dira kumaldi bakoitzean. 2zpa hiru eme horien 5 urteko kostuak beren kumeen artean elkarbanatu beharko lirateke. Kostuak hauek dira:

    • Behin egindako kostuak:
      • emearen erosketa
      • hegazkin bidaiak erosketa gauzatzeko
      • PCR froga genetikoak eta osasun froga klinikoak
      • katu erakundean jabetzaren homologazioa
      • antzutze kostua (bere ekarpena ugaltze programan bukatzerakoan).
    • Urteroko kostuak:
      • janaria
      • areontziko azpigarria
      • txertoak
      • bizkarroigabetzea
      • Katu erakusketetan parte hartzea
  3. Arren gastuak:
  4. Ar gehienak ihinztatze bidezko markatze ohitura dutenez, zaila izan ohi da arrak etxe giroko haztegietan kudeatzea, eta askotan katu erakundeko araudiak betetzen dituen egurrezko etxola berezi bat prestatu ohi da lorategi baten, argia, airea eta berokuntza kontutan dituena. Horregatik etxe-katutegi askotan emeak bakarrik izaten dituzte, eta kanpo estalketak erabiltzen dituzte. ABILKI abisiniar katutegian kanpoko estalketekin hasi ginen, eta gerora geure berezko arrak izateko prestatu ginen.

    Emeen belaunaldi berri bakoitzean arrak ere berriztu edo trukatu behar dira. Beraz, hurrengo arrren kostuak ere kumatuko dituzten kumeen artean elkarbanatu beharko dira:

    • Behin egindako kostuak:
      • arraren erosketa
      • hegazkin bidaiak erosketa gauzatzeko
      • PCR froga genetikoak eta osasun froga klinikoak
      • katu erakundean jabetzaren homologazioa
      • hazitarako ziurtagiria katu erakundean
      • lorategiko egurrezko etxola eta egokitzapenak (argiteria, berokuntza sistema, harresiak,....).
      • antzutze kostua (bere ekarpena ugaltze programan bukatzerakoan).
    • Urteroko kostuak:
      • janaria
      • areontziko azpigarria
      • txertoak
      • bizkarroigabetzea
      • Katu erakusketetan parte hartzea
  5. Kume bakoitzaren beraren gastuak:
  6. Kanpoko estalketak erabiliez gero, arren jabeei ordain sari bat ordaindu behar izaten da kume bakoitzeko. Hori gutxi balitz, estalketak arraren etxean gertatu ohi dira, eta hazle horrek emeak zaindu bitarteko ostatu kostuak ere ordaindu behar zaizkio. Eta gainera kalitate oneko ugaltzaile gutxi dituzten katu arrazetan, abisiniarretan bezala, emeen jabeek hegazkinez bi joan-etorri egin behar dituzte: bat emea arrarenera eramateko, eta bestea emea kumedun dagoela etxera berriz ekartzeko.

    Kontzeptu guzti horiek eta kumaldi bakoitzeko ondorengo ohiko gastuak katakume bakoitzaren artean elkarbanatu behar dira, eta katakumearen beraren gastuei gehitu:

    • Kume guztien artean elkarbanatu beharrekoak:
      • kanpo-estalketetan emea eraman eta ekartzeko joan-etorriko 2 hegaldi txartel
      • kanpo-estalketetarako emeen ostatu-ordainsaria arraren hazleari
      • Kumaldia baieztatzeko ekografia
      • Erditzea prestatzeko 2 x-izpi irudi
      • Kumaldiarentzako kartoizko kabiak
      • Erditzeetarako botikina: izara-elektrikoak, silikonazko ur poltsa beroak, kotoi izarak, zapi zurgagarriak, latex eskularruak, katakumeentzako esne hautsa, ...
      • Emearen 2 hilabeteko kumedunaldiko janaria eta areontzietako azpigarria
      • Emearen 4 hilabeteko edoskitze aldiko janaria eta areontzietako azpigarria
      • Emearen bizkarroigabetzea
    • Kume bakoitzaren beraren kostuak:
      • arraren hazleari ordainsaria
      • trantsizio janari heze berezia
      • janaria arrunta
      • Katu-erakundean erroldatzea (pedigria)
      • Mikrotxipa eta pasaportea
      • Txertaketa protokolo osoa
      • Bizkarroigabetzea
      • Antzutze ebakuntza eta suspertze tratamendua
      • Jabetza berrizteko agiriak
      • Etxe berrira joateko ongi-etorri kita
  7. Haztegiko gastuak:
  8. Katutegian katuentzako altzariez gain, urteroko bestelako gastuak ere ordaindu behar dira:

    • Behin egindako kostuak:
      • Nazioarteko Katu Erakunde baten katutegia erroldatzea
      • Etxeko katu-altzariak: katu zuhaitzak, hatzapargailuak, ...
      • Erakusketarako materiala: erakusketa kaiolak, parke tolesgarriak, kortinak, apaingarriak, erakusketetarako motxila berezia, janaria gurekin eramateko termo-hotzgailua elektrikoa, aurkezpen-txartelak, ...
      • Janontzi eta urontziak
      • Areontziak
      • Berrogeialdi eta osasun tratamenduetarako kaiola.
    • Urteroko kostuak:
      • Katu Erakundeko bazkidetza kuota
      • Botikina (punta malguko termometro digitalak, gazak, lepoko zurrunak,antiseptikoak, botikak, ...)
      • Haztegirako desinfektagarriak
      • Webgunearen domeinuak eta hosting-a

ABILKI katutegiaren helburua zen gastu guzti hauek 10 urtetan jaioko liratekeen kumeekin orekatzea, goian deskribatutako ezaugarriak aplikatuz (2zpa hiru kumaldi urtero, eta batez beste 2.5 kumeko kumaldiak esperoz), hau da, urtero ia 7 kume salduz. Hala, hau da kume baten kostu-balioa irabazirik gabe:

    GASTU
    motak
    BALIOAK
    (Eurotan)
    1. Arraren gastuak kume bakoitzeko: EUR 190
    2. Emearen gastuak kume bakoitzeko: EUR 180
    3. Kume bakoitzaren beraren gastuak: EUR 700
    4. Katutegiko gastuak kume bakoitzeko: EUR 230
    GUZTIRA
    EUR 1.300
    mila hirurehun euro

Prezio horretan ez da sartzen hazleok egunero sartzen ditugun orduak (katutegiko tresnak garbitu, katuekin trebatu/jolastu, erditzeak artatu, kumeak zaindu, erakusketetako asteburuak, ...).

Arrazako abere bat mundura ekartzea lagunarte giroan balio bat dauka, hazleak aldez aurretik jarri beharra duena, eta balio hori elkarbanatzeko/ordaintzeko prest ez dagoena, ez du ulertzen zer lan dagoen atzean eta, beraz, ez dago gaituta arrazako katu bat izan eta zaintzeko.

Bukatzeko, gogora ekartzen dugu goiko gastuen balioak COVID-19aren pandemia aurreko balioekin kalkulatuta daudela eta kumaldi bakoitzean 2.5 kume jaioko liratekeela iragarriz. Aldiz ABILKI katutegian orain arte gauzatutako errealitatea oso ezberdina da: batez beste, 1.6 kume jaio izan dira eta arrekin izan ditugun zailtasunen ondorioz, ez dugu urtero kumaldirik izatea lortu. Prezioan ere ez daude ustekabean aplikatu behar izan ditugun tratamenduak (adibidez, Tritrichomonas Foetus bizkarroia baieztatu eta desagerrarazteko egin behar izan genituen PCR froga ugariak eta tratamenduak; goiko 7. galderako 10.paragrafoan aipatua eta estekatua). Beraz, urrun gaude oraindik hasierako ordainketa guztiak orekatzetik.

Orain ar berri baten ekartze prozesuan gaude, eta emeekin dituen kumaldien emaitzak ikusi eta gero, hurrengo kumaldi berrientzako prezioak eguneratuko ditu, kontutan izanda, baita ere, 2022. urtean Euskadin onartu berri den lagunarteko abereentzako legeri berria.

10. Arrazadun katakume bat bilatzerakoan kontutan izan beharrekoak.

Ondorengo hiru gaiak aztertu beharko ditugu:

  • 1. Alergiarik dugun argitzea:

    Jende asko dago katu bat izatea erabaki eta etxera eraman eta gero, etxeko norbaitek alergia diela ikasten dutenak. Katuak abandonatzeko aitzakietako bat izaten da.

    Beraz, lehenengo gauza katuei alergiarik diegun aztertzea izango da. Alergia eragiten duten 2 aldagai nagusi daude:

    • Katuaren Alergeno nagusiak: Zolda (askatzen den hildako azala edo hautsa) eta Listua (listuan aurkitzen da katuen alergenorik indartsuena).
    • Katuaren Adina eta Sexua: adina eta sexuaren arabera, gutxienetik gehienera hau da sortzen duten alergiaren indarra:
    • katakumeak (gutxien) < antzutuak (eme zein ar) < eme ugalkorrak < ar ugalkorrak (gehien)

    Ez dago katu hipoalergenikorik. Katu guztiek sor dezakete alergia, "ilerik gabe"ko katuek ere zolda dutelako. Baina egia da alergeno nagusiena listuan dagoenez, eta katuek iletza mihiarekin orrazten dutenez, katua gero eta iletsuago, alergeno gehiago izango duela bere gorputzean "zintzilik". Beraz, ile luzeko katuek orokorrean ile laburrekoek baino alergia gehiago sortu ohi dute.

    Alergia kontaktuarekin agertzen da, beraz, gomendagarria da katua izan nahi baduzu eta katuekin kontakturik izan ez baduzu, katua duen lagunen baten etxea bisitatzea eta katua ukitzea, eta egun batzuk geroago bigarren bisita bat egitea. Askotan alergia bigarren bisitan nabarituko litzateke.

    Badago odol-azterketa bidez bi aldagai hauek aztertzeko aukera:

    • Katu-zoldaren "E Immunoglobulina” (“E” hizkia): modu orokor baten katuei alergia diegun edo ez adierazten du.
    • “FEL d 1” Immunoglobulina espezifikoa (“FEL” hutsunea “d” hutsunea “1”): Honekin katuaren alergeno indartsuenari (batez ere listuan ageri dena) diogun alergia maila neurtzeko balio du.

    Frogek momentu horretan alergiarik dugun edo ez adierazten dute. Gaur alergiarik ez izateak baina, ez du esan nahi alergia urte batzuk geroago garatzeko aukera txikirik ez dagoenik. Hala ere, katu batekin bizitzean ohikoena da berez auto-immunizatzea, bereziki alergia maila oso txikia denean. Ere posible izan daiteke, alergia maila txikia duen batek, katurik gabe denboraldi luze bat pasa eta gero, alergiaren sintomak berriz etortzea katu batekin berriz bizitzen hasterakoan. Kasu honetan baina, aukera asko dago berriz ere auto-immunizatzeko.

    Alergia maila txikia bada, beste aukera bat izan daiteke katua hilero behin bainatuz garbitzea. Hala ere, alergia maila handia bada, agian hobe izango da beste lagunarterako abere batetan pentsatzea.

  • 2. Arraza egokia aukeratzea: itxura, izaera eta zaintza beharrak:

    Edertasunean arreta jartzeaz gain, arraza bakoitzaren izaeran eta zaintza beharretan ere arreta jarri beharko dugu. Gerta daiteke ederren iruditzen zaigun arrazak, ez izatea gure bizimoduarekin bateragarria den izaera.

    Arraza batzuk gainera antzeko itxura izan dezaketen arren, izaera oso ezberdinak izan ditzakete. Honen adibidea katu multzo hau litzateke: Errusiar Urdina, Ile Laburreko British Urdina, Kartusiarra eta Korat katua. Errusiar urdinak energiaz beteak daude eta Siamiarrak bezain beste bokalizatzen dute, aldiz Kartusiarrak lasaiagoak dira eta dute miaurik egiten (Kartusiar fraileek arraza sortzean lehenetsitako ezaugarria izan zelako).

    Zaintza beharrei dagokienez, katu guztiek 16 bat ordu lo egiten dute, baina ez jarraian, beraz esna dauden 8 orduetan, beren etxeko gizakien bizi ohituretara moldatuko dira. Etxekoekin ematen duten denboran, energiaz beteak dauden katuek pertsonekin edota beste animalia batzuekin elkarrekintza izatea nahi izango dute. Lasaiagoak direnak, aldiz, bakartasuna edota lasaitasun nahiago izan dezakete.

    Arrazetan ezaugarri fisikoak finkatzeaz gain, izaera ere finkatuz doa. Hala ere, gizakien familietan bezala, nahiz eta izaera bat ohikoagoa izan, beti ager daiteke arauak betetzen ez dituzten norbanakoak. Hazle adituak katakumearen izaera bere lehen 3-7 asteen artean nola bilakatzen den ikusten du eta jabe berriak kumea aukeratzen aholkatuko ditu, etxe berrikoen bizimodua eta itxaropenak kontutan izanez.

    Katu entziklopedia liburuak begiratzea lagungarria izan daiteke. Gehienetan argazkiak bakarrik erakusten dituzte, baina Anne Helgren idazlearen Encyclopedia of Cat Breeds (=Katu arrazen Entziklopedia) liburua osatuenetako bat da. Gure Loturak & Bibliografia atalean hau eta beste liburu batzuk gomendaturik aurkituko dituzu.

    Aukera hoberena baina, liburuak begiratu eta gero, katu erakusketa batera bertaratzea da. Han arraza ezberdinak aurrez aurre ikusteaz gain, beren hazleekin hitz egiteko aukera izaten da, eta hazle arduratsuak aurkitzen lagunduko dizu.

  • 3. Hazle arduratsu bat bilatzea:

    Ondorengo ezaugarriak ditu arduratsua eta jarrera etikoa erakusten duen hazleak:

    • Bere katutegi-izena katu erakunde baten erroldatua izango du. Lotura honetan ASFE (FIFe Espainia)-n erroldatutako katutegien kontaktuak aurkituko dituzu, gurea barne (Abisiniarrak FIFe-ren 4. kategoriaren barruan daude).
    • Sarritan bere katutegiaren webgunea edo sare sozial konturen bat izango dute.
    • Bere katu-arrazaren historia eta nondik norakoak ezagutuko ditu eta bere helburua arrazaren kalitatea hobetzea izango da.
    • Dirua irabaztea ez da izango hazle izateko bere arrazoia.
    • Bere katuen ongizateari lehentasuna emango dio, edozein diru-irabaziren gainetik.
    • Bere katuak ez ditu inoiz dendei edo bitartekariei saltzen. Goiko 3.galderan azaldua.
    • Eskaintzen dituen kumeen eta hauen gurasoen pedigriak baldintzarik gabe aldez aurretik (ordainketa egin aurretik) erakutsiko dituzte. Bere garrantzia goiko 4.galderan azaldua.
    • Eskaintzen dituen katakumeen gurasoen arrazako-ohiko gaixotasun genetikoen testen emaitzak erakutsiko ditu. Goiko 5. galderan azaldua.
    • Adopzio-erosketa idatzizko Hitzarmen batekin gauzatuko du. Hitzarmenean osasun baldintzak eta bermeak argi eta garbi agertuko dira, baita adostutako akordio guztiak. Lotura honetan gure hitzarmen eredua daukazu.
    • Bere kumeak nora doazen interesatzen zaiolako, Jabe berrien bizimoduaz interesa izango du. Hazle askok adopzio galdetegia ere luzatuko dute beren kume bat lortzeko lehen baldintza bezala. Lotura honetan gure adopzio galdetegia jaits dezakezu.
    • Jabe berriak izateko interes zintzoa erakusten dutenei galderak erantzutera irekita dago. Izan daiteke, interesadunaren lehen kontaktuan, bere webguneko eta adopzio galdetegiko informaziora bideratzea, baina ondoren izan ditzaketen galderak gogotsu erantzungo dizkie.
    • Bere kumeen jabe berrien erreferentziak edo argazkiak ikusgai izango ditu, beren webgunean edota sare-sozialetan. Gureak lotura honetan aurkituko dituzu.
    • Bere katakumeen balioa 1.000 (mila) euro baino gehiago izan ohi da. 700 euro baino gutxiagoko balioa oso susmagarria da, ez dituelako arrazako kume batek berez sortzen dituen gastuak ere ordaintzeko balio, are gutxiago katutetegiko kostu guztiak orekatzeko. Goiko 9.galderan prezioen zergatia azaltzen dugu, eta lotura honetan dituzu ABILKI abisiniar kume batekin ematen ditugun ezaugarri eta berme guztien zerrenda.
    • Lagunarterako kumeak aldez aurretik antzututa ematen ditu.
    • Katu ugaltzaileak katutegi izena erroldatuta dutenen pertsonei bakarrik saltzen dizkie, eta sarritan aurrez aurre ezagutu ondoren edota ugaltze programa irizpide berdinak jarraituko dituztela ziurtatu eta gero.
    • Bere katakume guztiak hazleei bakarrik saltzen badizkie, arduragabeko hazkuntza egiten duelaren ikur izan daiteke, ezaugarri ezegokiak dituzten aleak beti ager daitezkeelako, eta hazle arduratsuak hauek antzutu eta lagunarterako bideratu ohi dituelako. Beraz, hau oso kontutan izan katu ugaltzaile baten bila bazaude.
    • Bere arrazako gaixotasunen eta katutegiko osasun gaiez argi eta gogotsu hitz egingo du.
    • Beren katuak etxe berrietara joan badira ere, beti egongo da jabe berrien kezkak eta zalantzak erantzuteko prest, eta beren etxe berrietan dauden katakumeen eta katuen berri izateak beti poztuko du.

Bestelako edozein zalantza ongietorria izango da Gutaz ataleko email helbidean. Erantzunak igo ahala irakurri nahi badituzu, beheko laukian zure emaila bidaliguzu.

ABILKI berriak eta eguneratzeak jasotzeko, gure email posta zerrenda anonimora harpidetu!
Horretarako zure emaila beheko laukian idatzi eta bidaliguzu.

Flag Counter
FIFe ASFE

FIFe hazlea ® 2014-2022 .abilki. abisiniar katuak
ASFE bazkidea ® 2013.etik
© 2014-2022 www.abilki.eus